Foro Intersindikala
Foro Intersindikala
Zer da?
Berdintasunaren aldeko Sindikatuen arteko Foroa hurrengo sindikatuen eskualde mailako ordezkariak diren gizonek osatutako eremua da: CC.OO, CNT, ELA, ESK, LAB, ELSB-USO, STEE-EILAS eta UGT. Foroaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren alde elkarrekin lan egitea udalerrian, eta berariaz gizarte-eredu bidezkoagoa eta berdintasunezkoa lortzeko eragina duten sindikatu-ekintzak gauzatzea alor sozioekonomikoan eta enpresa-sarean.
Gainera, gizonek berdintasunerako borrokan duten inplikazio mailaz eztabaidatzeko, sindikatuen baitan langileak kontzientziatu daitezela sustatzeko eta sindikatuetan berdintasun arloan ekintza-unitateak sortzeko aukera emango duen eremu aitzindaria izan nahi du.
Aurrekariak
Berdintasunerako Kontseiluaren proposamen bati erantzunez sortu zen; izan ere, indarkeria matxistaren aurkako borrokan duten erantzukizunaz galdetu nahi izan zitzaien gizonei.
Gomendio horri jarraituta, 2003. urtean "Emakumeen aurkako indarkeriaren aldeko gizonak" programa sustatu zen. Berdintasun teknikari bi kontratatu ziren, eta horien egiteko nagusia maskulinotasun-tailerrak dinamizatzea izan zen. Tailerrok udalerriko hainbat erakunde eta gizarte-eragilerentzako antolatu ziren: ikastetxeak, (GEetako gurasoak, elkarteak, sindikatuetako kideak, etab. )
Sindikatuen parte-hartze maila handia eta eskualdeetako arduradunen inplikazioa eta konpromisoa erabakigarriak izan ziren, Sindikatuen arteko Foroa eratzen joan zedin.
Prozesu honetan zehar gertaera larria izan zen udalerrian, Foroaren eraketa are gehiago bizkortu zuena. 2004ko abenduaren 12an, senarrak María Vicenta Pérez Alonso hil zuen; horren ondorioz, udalerriko emakumeek kolpe latza hartu zuten eta Kontseiluaren baitan bertan eztabaida piztu zen, baita sindikatuetako kideekin ere, gizonek indarkeria sexistaren aurkako borrokan duten inplikazioari buruz.

Eztabaida horren emaitza gisa, hain zuzen ere, sindikatuek 10 minutuko lanuztea deitu zuten udalerriko enpresetan; deialdiak erantzun nahiko arrakastatsua izan zuen, esperientzia berria zela aintzat hartuta. Langileei deialdia egin zitzaien, Berdintasunerako Kontseiluak bultzatutako manifestazioarekin bat egin zezaten. Udalerriko gizonen partaidetza ordura arte egon zen handiena izan zen.
Gertakari horretaz geroztik, sindikatuek lan-konpromiso sendoa hartu zuten indarkeria matxistaren aurrean eta Berdintasunaren aldeko Sindikatuen arteko Foroa sortu zen.
Foroaren lana
Sorreratik Foroak ahalegin handia egin du berdintasunaren alde lan egiteko aukera emango luketen oinarrizko irizpide batzuen inguruan sindikatuen arteko batasunari eusteko eta politikarien eta sindikatuen arteko tirabirek Foroa eta haren egitekoa ez okertzeko eta arriskuan ez jartzeko.
Sindikatuak beraien arteko antzekotasunak eta irizpide berdinak bilatzen ari zirela, 2005. urtean "Basauriko sindikatuen arteko foroaren berdintasunaren aldeko manifestua" izeneko agiria idatzi zen; honako sindikatu hauek, hain zuzen, sinatu zuten hori: CC.OO, CNT, ELA, ESK, LAB, LSB-USO, STEE-EILAS, UGT. Agiri horretan sindikatuek ekintza garrantzitsu batekin hartu zuten konpromisoa:
Sindikatuek jarduteko protokoloa emakumeen aurkako indarkeria kasuetan. Protokolo hori sinatu zuten sindikatuek Basaurin emakumeren bat hiltzen dutenean beraien afiliatuei 10 minutuko lanuztera deitzeko konpromisoa hartu zuten, baita Berdintasunerako Kontseiluak edo bestelako erakunde feministek gertakariak salatzeko antola ditzaketen ekimenei babesa emateko konpromisoa ere.
Zoritxarrez protokolo hori birritan jarri da martxan udalerrian, Maria Vicenta Peréz Alonso eta Loredana Andriescu andreen hilketen aurrean; izan ere, haien gizonek hil zituzten.
Horrez gainera, Foroak elkarrekin jarduteko plan bat asmatu du, honakoa, hain zuzen ere: udalerriko lau enpresa hautatu dira, ekintza positiboak eta berdintasun planak bultzatzeko. Egitasmo horretarako Arcelor, Firestone, Outokumpu eta Sidenor enpresak aukeratu dira.
Hori dela eta, bi urrats mahaigaineratu ziren:
1) SINDIKALISTAK TREBATZEA
Sindikatuetako ordezkariak trebatzea beharrezkotzat jo zen, berdintasun arloan adituak izan daitezen.
2006 eta 2007 urteetan lau mintegi egin dira:
2) PLANAK ENPRESETAN. LEHENENGO DIAGNOSTIKOA EGIN GERO JARDUTEKO
Jardun baino lehen, aukeratutako enpresen iritziz ezinbestekoa da enpresaren baitan emakumeen eta gizonen egoeraren diagnostikoa egitea. Honekin, lehentasuna duten lan-arloez jabetzea eta sindikatuek ostean berdintasunaren aldeko ekintza gauzatzeko ildoak bideratzea da asmoa.
Enpresa-batzordeek datuak biltzeko lana egin dute, Berdintasun Arloak banatu dizkien fitxa batzuk erabilita. Datuak lortu eta gero, horiek aztertu eta ondorioak atera dira, enpresa bakoitzeko txostena bat idatziz.
Une honetan, Foroa diagnostiko aurreko txostenak aztertzeko fasean murgilduta dabil, enpresetan berdintasunaren inguruan ekintza-unitateak sortzeko oinarrizko irizpideak finkatzearren eta enpresekin berdintasun planen negoziazioan aritzearren.
Itsatsitako dokumentuak


