1era 2kain
AURKEZPENA
1era2kain “Berdintasunerako balioen hezkuntza” proiektuak gelan esku hartzeko moduluak, eskolaz kanpoko jarduerak eta programaren sistematizazioa barne hartzen ditu. Berdintasun-irizpideetan oinarrituta balioak eta jarrerak aldatzea bultzatzeko helburuarekin, funtsezko lau gai aukeratu dira: Erantzukidetasuna, sexu-hezkuntza, emakumeen kontrako indarkeria eta lanbide-aukeraketa ez sexista, berdintasun-balioetan hezteko proiektu integrala abian jartzeko, udalerriko gazteei zuzenduta.
Pertsona autonomoak eta estrategikoki pentsatzeko gaitasuna dutenak heztera zuzendutako ekintzak bultzatzea da proiektuaren helburua. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egiterako orduan, hainbat arazo aurkitzen dira. Emakumeek arazo horiekin topo egiten dute espazio publikora eta erabaki-eremuetara iristeko bidean, eta hori guztia desberdintasun-egoeran oinarrituta dago. Izan ere, desberdintasun horretan oinarritzen dira geroago emakumeek hainbat egoeratan izaten dituzten desabantailak.
Hauek dira proiektuaren ezaugarri nagusiak:
- Hainbat urtez lanean ari garen bi eremutan sakonduko da, sexu-hezkuntzan eta lanbide-orientazio ez sexistan, eta berdintasunaren arloan aurrera egiteko funtsezkotzat jotzen diren beste birekin osatuko da: erantzukidetasuna eta indarkeria sexista.
- Prebentzio-izaera du, programa hau prebentzioan oinarritzen baita, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun-egoerak murrizteko.
- Izaera integrala eta estrategikoa du, unean uneko jarduerak gainditu nahi dituelako, epe ertain eta luzerako proiektua lortzeko. Proiektu horren xedea praktika egokiak ezartzea da, nerabeekin berdintasunaren arloan esku hartzeko orduan.
- Hezkuntza- eta gizarte-izaera du, eskola-eremuko esku hartzea eta gizarte-partaidetzaren sustapena uztartu nahi dituelako. Horri esker, parte hartuko duten ikasleek herritartasun-kontzeptuari buruzko gogoeta egingo dute, euren errealitatetik.
- Ebaluazioa sartuko da, proiektuaren hasieratik eta prozesu osoan zehar, sistematizazio-proposamena eginez.
2008-2009
ESKOLAKO ESKU-HARTZEA
1-DBH-ERANTZUNKIDETASUNA
DBHko lehenengo maila: erantzukidetasuna lantzen da, hori baita berdintasunaren arloko erronka handietako bat. Gaur egun, emakumeak lan-merkatura ez dira gizonen baldintza berdinetan sartzen. Izan ere, oraindik, erreprodukzio-lana ez da berdin banatzen eta lan gehiena (guztia ez bada) emakumeen pentzura geratzen da. Emakumeek, lan-merkatura sartzean, presio handia jasan behar dute, gizarte-ereduak behartu egiten dituelako hauen artean aukeratzera: genero-mandatua bete, hau da, familia osatu eta seme-alabak zaindu, edota euren lanbidean aritu. Funtsezkoa da erreprodukzio- eta zainketa-lana pertsona guztien erantzukizuna dela ikastea, gazte-gaztetatik. Enplegurako orientazio zerbitzuek emakume-taldeekin lan egiten dutenean, behin eta berriz agertzen diren ohiko arazo hauek aurkitzen dituzte: enplegurako jardun-asti askorik ez izatea, lan- eta familia-bizitza ezin dituztelako bateratu eta emakumeen enplegua familiarentzako laguntza gisa ulertzen delako, eta ez norberaren lanbide-proiektu gisa.
2-DBH-SEXU HEZIKETA
DBHko bigarren maila: sexu-hezkuntza ere funtsezko gaia da nortasuna eraikitzerakoan eta garrantzi berezia hartzen du adin honetan. Datuek diotenez, azken urteotan berriro agertu dira sexu-bidez transmititzen diren gaixotasunak eta nahi ez diren haurdunaldiak. Nerabezaroa adin kritikoa da sexu-harremanak hasterakoan, maitasun-harremanak pizterakoan, gorputz sexudun gisa bizitzerakoan eta bikote-harremanak ezartzerakoan. Harreman horiek berdintasun handiago edo txikiagoarekin plantea daitezke eta hori behin betikoa izango da bikote barneko botere-harremanak negoziatzerakoan, sexu-bizitza osasuntsu eta egokiaz gozatzeko.
3-DBH-EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
DBHko hirugarren maila: emakumeen kontrako indarkeria gizarte-gaitz izugarria da eta urtez urte biktima gehiago eragiten ditu. Indarkeria hori intentsitate baxuko indarkeriarekin hasten da, eta indarkeria-mota hori gaztetan agertzen da. Datuen arabera, EAEn, tratu txarrengatiko salaketen % 42 32 urtetik beherako gazteek egin dituzte. Ezin da gerorago utzi nerabeekin, mutilekin zein neskekin, arlo honetan egin beharreko prebentzio-lana. Horrez gain, balio berriak garatzea bultzatu behar da, balio horiek berdintasunean eta emakumeenganako indarkeriarik ezean oinarritutako berdintasun-harremanak ezartzeko tresnak eskainiko dizkietelako.
4-DBH-LANBIDE ORIENTAZIO EZ SEXISTA
DBHko laugarren maila: oso garrantzitsua da ahalegin handia egitea lanbidea aukeraketa irizpide ez-sexistekin ahalbidetzeko. Izan ere, berdintasun handiagoko gizarte bat eraiki ahal izateko, ez litzateke egon behar berariaz gizonentzat edo emakumeentzat den lanik. Enplegu-politika aktiboak garatzen urte asko eraman arren, gizarte-arloan lan egiten dutenak oso kezkatuta daude, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak oraindik oso argiak direlako lan-merkatura sartzerako orduan. Arlo eta maila guztietan desberdintasuna iraunarazten duten hainbat faktore badaude ere, egiazta daiteke kalitateko enplegua lortzea faktore berdintzaile garrantzitsuenetarikoa dela, emakumeei botere handiagoa ematen dielako bizitzako beste alderdi batzuetan euren posizioa negoziatzeko. Beharrezkoa da mutilek zein neskek euren lanbidea askatasunez aukeratu ahal izatea. Horrela, gizartea aldatuz joango da, eta portaera eta balio berriak zabalduko dira.


